Kukutza III gaztetxearen defentsan ekiteagatik, epaiketa ugari jarri dira martxan. EAJ-k CABISA-ren abokatuak ordaintzen ditu, epailea aurrez aurretik aukeratu zuten eta okupazioa zein elkartasuna kriminalizatu nahi dute.

EKIN OKUPAZIOARI! BILBO OKUPATZERA GOAZ!!!

2012-08-28

USURBILGO GAZTETXE BERRIA! ZORIONAK!

Usurbilgo ITAYA Gazte Asanbladaren oharra:

Duela hilabete batzuk Itaya gazte asanbladakook hausnarketa sakon bat egin ondoren Usurbilen hutsune handi bat zegoela ondorioztatu genuen, gune autogestionatu edo gaztetxe baten beharra. Asanbladako kideek “hamaika ideien eta borroken kutxa” moduan definitu dute gaztetxea.  Herritar guztiak gonbidatu dituzte, hemendik aurrera

Zergatik?
 
Herritar xumeek, instituzioetako gainbegiraturik gabe, autokudeatuko duten gune baten beharra dago; gure herrian ugariak diren eragileek zein norbanakoak askatasun osoz beraien ekimenak aurrera eraman ahal izateko esparru bat alegia.
Norberak dituen trebeziak eta ahalmenak besteenekin batu eta modu kolektiboan gure bizitza sozialean, politikoan zein kulturalean faltan botatzen ditugun ekarpenak eta harremanak garatzeko aukera ematen duela sinesten baitugu.
Alternatibak eraiki ahal izateko espazio bat behar du honetan jardungo duen jendarteak. Aisialdia aldatuko duen gunea, herritarren harremanak sendotuko dituen biltokia, ingurumena zainduko duen lekua, ahula babestu eta indartuko duen eremua, herria bizi eta koloretsu mantenduko duen esparrua, euskaratik euskararentzat arituko den etxea… HAMAIKA IDEIEN ETA BORROKEN KUTXA!!!

Usurbilen zer?
Usurbilen gizarte lotu, lokartu, domestikatu eta uniforme honi, bere etsairik haundienak diren irudimenarekin, kemenarekin, ekintza zuzenarekin, elkartasunarekin, pentsamendu librearekin eta pertsona libreen burujabetzarekin aurre egiteko espazio zabal eta aske bat behar da.
Gaztetxea errespetuz aritu nahi duen ororen proiektua eta gune irekia izan behar da. Denon ahotsa eta iritziak izango dira beharrezkoak. Horregatik, eredu parte hartzaile baten aldeko apustu garbia egiten dugu. Behin eta berriro deia luzatzen dizuegu parte hartzera, etorkizunean sortuko diren erronkak aurrera eramateko: eztabaidak, kultur ekimenak, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak… eta bururatzen zaiguna, bururatzen zaizuena!!

Orain arte egindakoa
Hutsune honen inguruko herritarren iritzia jakiteko, prozesu partehartzaile bat abian jarri genuen, non herriko eragile zein norbanakoek beraien ikuspuntua adierazi ziguten elkarrizketen bidez. Honen bidez, hauxe ondorioztatu dugu:
  • Gehiengo handi bat ITAYAren planteamenduarekin eta herriak gaztetxe baten beharra duelarekin ados daude.
  • Usurbilgo gazteriak bizi duen inkomunikazio, pasibotasun eta lokalismoari aurre egiteko tresna gisa har dezakegun gune aske eta ireki baten falta sumatzen da herrian. Gaztetxe batek, pertsona hauen partaidetza, inplikazioa eta iniziatiba bultzatuko lituzke.
  • Herriko eragile independenteen arteko elkarlana eta komunikazioa saretuko dituen baliabide alternatibo bat bezala ikusten da gaztetxea. Heldu zein gazteak batu, eragileen ekimenak aberasgarriagoak bihurtu eta parte hartzea bultzatuko duen gune bat bezala hain zuzen ere.
  • Gaztetxeak Usurbilgo beharretara egokitua egon behar du, ez du beste herrietako ereduen “ kopia” izan behar.
  • Autokudeaketak esparruaren giltza izan behar du, biziraupenerako buruari eragitea funtsezkoa delako: sormena lantzen eta hazten da, kontsumismoari muzin egiten zaio, erabakiak gaztetxeko kideek bakarrik hartzen dituzte, inongo baldintza eta inposaketarik gabe…
  • Gaztetxea terminoak jendartean, soilik, gazteentzako eremu delakoaren ohiartzuna du. Ondorioz, honekin hautsi behar da, gaztetxea denontzat irekia baita eta bertan parte hartzea herritar orori irekia baitago.

Okupazioaren zioak
 
Eztabaida luze eta hausnarketa sakonen ondoren, behar hau asetu ahal izateko eraikin hau okupatzea erabaki dugu. Jada urte bete baino gehiago da Alkartasuna Nekazarien Kooperatiba egoitzaz aldatu zela eta eraikin hau hutsa geratu zela. Bien bitartean, Ugartondo industrialdea erosi zuten konstruktorak ere ez dute eraikitzen hasteko interes irmorik aurkeztu. Horrelako egitasmoak aurrera eramatea etxe eta eraikin hutsei aurre egiteko bide bat dela uste dugu, etxe huts bat gutxiago egoteaz gain gaur egungo etxebizitza ereduaren aurka egiteko forma eraginkor bat iruditzen zaigu. Honez gain, eraikin hau inongo instituzioen mende ez egoteak, inork baldintzatu gabeko eta erabateko autokudeaketa izango duen gunea izango dela zihurtatzen du.
Gaztetxe honek modu asanblearioan funtzionatuko du, batzar hauek guztiz irekiak izango dira eta hurrengo egunetan emango dugu bilera hauen berri. Interesa duen orok, heldu ala gazte, gustora hartuko dugu bere ahotsa eta gure laguntza emango diogu.
Gogoratu gaztetxea lortu bitartean askotan errepikatu dugun bezala, ez dela eraikina helburua, gizarte hau eraldatzen lagunduko digun tresna garrantzitsu bat baizik.
Aurrera begirako ekimenen berri emango dugu jakitera, eta datorren asanbladetan erabakiko dira gaztetxeak egingo dituen lehen pausoak zein izango diren. Bihar arratsaldeko 18etan izango da lehen batzar irekia eta guztiok zaudete gonbidatuak bertan parte hartzera.

HERRITIK HERRIARENTZAT, HERRI BAT GAZTETXE BAT!!!!!!
GORA USURBILGO GAZTETXEA!!!

Info+ usurbilokupatu.blogspot.com

0 comentarios :