Kukutza III gaztetxearen defentsan ekiteagatik, epaiketa ugari jarri dira martxan. EAJ-k CABISA-ren abokatuak ordaintzen ditu, epailea aurrez aurretik aukeratu zuten eta okupazioa zein elkartasuna kriminalizatu nahi dute.

EKIN OKUPAZIOARI! BILBO OKUPATZERA GOAZ!!!

2011-10-07

OKUPAZIO BULEGOAREN PRENTSA OHARRA



Gaur, Urriaren 7an hiru urte bete dira Okupazio Bulegoaren proiektua kaleratu zenetik. Hasiera batetik etxebizitzen okupazioaren zilegitasuna gizarteratzea izan genuen helburu nagusi, okupazioa ez da delitua lemapean. Mezu horrek inoiz baino biziago dirau. Izan ere:

1) Legalki okupazioa zigortzeko erabiltzen den usurpazio delitua ez da beti aplikagarria, indarkeria, irauntzeko asmoa eta sartu izana demostratzea eskatzen baitu legeak.

2) Delitua eskubideren baten urraketa ematen denean sortzen den kalteari dagokio eta usurpazioak jabetzarako eskubidearen urraketa zigortzea du. Baina etxebizitza bat urtetan bere baitan utzi duenean jabetza eskubide horri muzin egiten dio jabeak.Beraz, ez dago jadanik kaltetutako eskubiderik.

3)Sistema kapitalistak bizi duen gaitz endemiko honetan (kaleratzeak, etxebizitza hutsak banketxeen eskuetan egotea, langabezia, prekarietatea…) jabetza pribatua mugagabeko eskubidea ez dela gogoratu behar dugu, eta haren erabilpen soziala indartu behar dela. Ezin da onartu pentsamolde zahar, atzerakoi eta botere faktikoek beren interesen alde erabili duten honako ideia hau: jabetza norberaren izerdiz erositako objektua izanik ematen zaion ukiezintasun statusa eta, beraz, beharrizanak bultzatuta jendeak expropiatutako etxebizitza edo erakin hutsen jabeak koitadutzat agertzea. Etxe bat hutsik egotearen kasuak hamaika izan daitezke, baina baita egoera horiei eman dakizkioken aterabideak ere. Okupazioa zentzu honetan instituzioen pasibitatearen aurrean gizartearen jarrera aktiboa eta desobedientea bultzatzen du.

Zuzenbidea erabat interpretatiboa dela badakigu eta Okupazio Bulegoaren lana aholkularitza eta laguntza juridikoa ematea den aldetik, gure interpretazioari eutsiko diogu.

Honen harira ere honako hau salatu eta gizarteratu nahi dugu: interpretazioez haraindi Kukutza III gaztetxearen huste eta eraiste prozesuan eman den lege eta prozesu juridiko eta administratiboen erabilpena erabat interesatua izan dela, jabetza pribatuaren onurarako. Gertakari lotsagarrienak adieraztearren aipagarria da desalojo autoa deklarazioak jaso aurretik sinatuta egon izana edota eraiste baimena eman izana inguruan dauden etxebizitzei egin ziezaieken kalteari erreparatzen dion ikerketa aurkeztu barik (zeintzuei jadanik arrakala galantak atera zaizkien) eta ondoren eraiki behar diren etxebizitzen proiektua aurkeztu barik.

Kukutzaren proiektua ez da izan proiektu kultural hutsa, bizi proiektu propioa (kapitalismoaren lan-kontsumo dinamiketatik at) eraiki nahi izan duten gazteentzako aukera bat ere eskaini baitu azken pisuan zegoen etxebizitzak. Gaztetxearekin batera duela hamairu urte abiatutako proiektua.

Beraz, gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu Kukutza III proiektuaren defentsan apiriletik hona ibilitako guztiei, bereziki irailaren 21ean eta 23an bitartean atxilotu, identifikatu eta zauritutako guztiei.

Berriro diogu: OKUPAZIO EZ DA DELITUA!

Bilbon, 2011ko Urriaren 7an

0 comentarios :