Kukutza III gaztetxearen defentsan ekiteagatik, epaiketa ugari jarri dira martxan. EAJ-k CABISA-ren abokatuak ordaintzen ditu, epailea aurrez aurretik aukeratu zuten eta okupazioa zein elkartasuna kriminalizatu nahi dute.

EKIN OKUPAZIOARI! BILBO OKUPATZERA GOAZ!!!

2010-05-01

MAIATZAREN LEHENA. HISTORIA PIXKAT.


Maiatzaren lehenaren jatorria: 18 orduko lanaldiak

Gaur egun ospatzen den maiatzaren lehenak 1886ko maiatzaren 1ean du jatorria. Egun hartan Ameriketako Estatu Batuetan greba orokorra hasi zen zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Greba handik egun batzuetara bukatu zen, langile askoren heriotza eta beste ehunka langileren espetxeratzearekin. Sortutako iskanbilen erantzuletzat jo zituzten sei langile ere atxilotu eta haietako lau urkatu eta beste biak bizitza osorako espetxera kondenatu zituzten. Orduz geroztik "Chicagoko martiriak" izenez ezagutzen ditugu langile haiek. 1889an II. Internazionalaren Kongresuak mundu osoan Lanaren Eguna ospatzea erabaki zuen Ameriketako Estatu Batuetako greba hura gogorarazteko. 1890ean hainbat herrialdetan ospatzen hasi zen, besteak beste Espainian, eta Euskal Herrian ere bai, Bizkaian batez ere gehienbat meatzariek eta siderometalurgiako langileek ospatzen zuten Bizkaian.

Zein izan zen maiatzaren lehen hartako grebaren testuingurua? XIX. mendearen bukaera aldera Ameriketako Estatu Batuetan lanaldiak 18 ordukoak izatera iritsi ziren. 1885ean Ameriketako Estatu Batuetako langile batetik bestera eskuz esku pasatuz joan zen 1886ko maiatzaren 1ean ekintzak egiteko deiaren orria. Honela zioen deialdi hark: "... Matxinada eguna, ez atseden eguna. Langilearen mundua kateatuta daukaten instituzioetako batzordekide handiusteak agintari izango ez diren eguna... Gaur egun herrialde osoko herrien etorkizuna mendean daukatenen aurka langileen elkartasunarekin osatutako ejertzitoa izugarrizko indarrez mobilizatuko den eguna. Zapalkuntza eta tiraniaren aurka, ezjakintasunaren eta edozein motatako gerren aurka protesta egiteko eguna. Zortzi orduko lana, zortzi orduko atsedena eta nahi dugun edozertarako zortzi ordu izaten hasteko eguna».

Chicago atzerritarren hiria zen, Alemania, Irlanda, Bohemia, Frantzia, Polonia, Errusiako etorkinen hiria. Langileak protestan hasteko giroa sortzen ari zen. 1872an Chicagon izandako sute batek milaka langile utzi zituen etxerik gabe eta gosez. Gertaera hark laguntza eskatzeko manifestazioak eragin zituen, baina balak izan ziren jasotako erantzuna. 1887an greba uholde handia izan zen herrialdeko trenbide sarean. Zenbait hiri amerikarretan, Chicagon, besteak beste, greba orokorrak egin ziren. Poliziak balekin erantzuten zien mobilizazio haiei. Hori guztia 1873ko Depresio Handiarekin batera gertatu zen. Langabeziak azkar batean egin zuen gora, eta bi hamarkada iraun zituen. Alabaina, zenbait langile prestatzen eta antolatzen hasi zen, bai politika aldetik eta bai militarki. Egoerari aurre egiteko, ezkutuko elkarteak sortu zituzten, trade union direlakoak, eta langileez osatutako alderdiak. Sindikatuak ere ezkutukoak ziren. Chicago lehertzeko puntu-puntuan zegoen hiri bilakatu zen. Klaseen arteko borrokak berekin ekarri zituen bai mobilizazio baketsuak eta bai armatuak. Garai hartan, gaur egun bezala, bazen borroka armatua gaitzesten zuenik. Langileen Alderdi Sozialista zen haietako bat. Testuinguru horretan jaio zen zortzi orduen aldeko mugimendua.

McCormick-en sarraskia eta Haymarket-eko epaiketa

1886ko maiatzaren 1ean langile klaseak zortzi orduen aldeko greba egin zuen. Detroit, New York, Cincinati, Kentucky, Chicago ûmatxinadaren gotorlekuaû izan ziren mobilizazio handieneko hiriak. Hamarnaka mila langilek, zuriek nahiz beltzek, egin zituzten grebak eta manifestazioak hiri horietan. Zenbait ugazabek onartu zituzten lan aldarrikapenak, baina beste zenbaitek, Chicagoko McCormick-ek, adibidez, ukatu egin zituzten. Han gertatu zen langile sarraskia. Ugazabak poliziari deitu zion lantokia inguratzen zuten bertako langileak menpera zitzan. Langile asko hil ziren poliziak jaurtitako balen ondorioz. Maiatzaren 2an eta 3an berriz bildu ziren langileak enpresaren aurrean, eta poliziak berriz ere tiroekin erantzun zien. Orduan ere hildako eta zauritutako ugari izan ziren. Maiatzaren 4an egoera errepikatu zen; makina bat langile hil zen. Zalaparta hartan, ustez poliziaren aurka jaurtitako bonba bat lehertu zen. Polizia batek galdu zuen bizia.

"Haymarket"eko atentatua izenez ezagutzen den gertaera haren ondorioz sei langile atxilotu eta epaitu zituzten, baina inoiz ez zen frogatu haiek izan zirela errudunak. "Chicagoko martiriak" izena jarri zien jendeak sei langile haiei: August Spies, Albert R. Parsons, George Engel, Adolf Fischer, Samuel Fielden eta Michael Schwab-i. Seiei jarri zieten urkamendian hiltzeko zigorra, nahiz eta azken biei azkenean zigorra aldatu, eta bizitza osoan bortxazko lanak egin behar izan zituzten. Urkatua izateko txanoa buruan jartzen zioten bitartean, Spies-ek hauxe esan zuen: "Egunen batean gure isiltasuna gaur itoko dituzuen ahotsak baino ahaltsuagoa izango da". Historiak oraindik ere arrazoia ematen dio Spies-i. Parsons-ek, berriz, ondorengoa oihukatu zuen: "Utz iezadazu hitz egiten, Matson sheriffa. Entzun dadila herriaren ahotsa...". Sokalasterra estutu egin zen, eta bere ahotsa isildu. Gertakari haiek protesta piloa eragin zuten mundu osoan.

iturria:Argia

0 comentarios :