Kukutza III gaztetxearen defentsan ekiteagatik, epaiketa ugari jarri dira martxan. EAJ-k CABISA-ren abokatuak ordaintzen ditu, epailea aurrez aurretik aukeratu zuten eta okupazioa zein elkartasuna kriminalizatu nahi dute.

EKIN OKUPAZIOARI! BILBO OKUPATZERA GOAZ!!!

2012-06-27

Heteronormak irauliz, askatasunean hezi!

gara.net

Ikoitz Arrese eta Maite Kintanilla | Ikasle Abertzaleetako bozeramaileak

HETERONORMAK IRAULIZ, ASKATASUNEAN BIZI!

Sistemak biziraun dezan beharrezkoak zaizkion balioak sortu, garatu eta definitzen ditu. Botereak erabakitzen du balio bakoitzaren mugak zeintzuk diren, eta ariketa hori da manipulazioaren gailurra
Ikastolako matrikulazio paperaren aurrean dago Aiert parez pare. Gu hari begira gaude eta hutsuneak, berriz, betetzeko zain. Aitaren izen-abizenak laukitxo batean jarri behar dira, amarenak bestean. Amorruz, boligrafoa hartu eta «aita» hitza ezabatu du Aiertek. Ama jarri du alboan.
Txirrinak jo du eta berriz ere Malen urduri dago. Amantala soinetik kendu eta gelatik korrika atera da. Guztiak begira geratu zaizkio. Arnasestuka eskola sarrerara hurbildu da: «Kaixo aita, kaixo Mikel, goazen arin etxera» esan die betiko legez. Aita bere bikotearekin eskolara bila etortzen zaion aldiro berdina esaten du, norbaitek ikus lezakeelako lotsaz.

Inauteriak gainean dira Yahiaren herrian. Aukeratu dute ikastetxean jantziko duten mozorroa: Pirritx eta Porrotx. Baina Yahia haserre dago. Berak Pirritx izan nahi badu ere, Porrotx izan beharko duela aditzen du behin eta berriz. Yahiak hala ere, badaki bibotedun sudurgorriaren azpiko mozorroan nor ageri den.

«Irati, nor gustatzen zaizu, Aitor ala Markel?» Irati isilik gelditu da berriz. Aitor gustuko du, baina Leirerekin egotea izugarri gustatzen zaio eta Olatzen irribarrea ikaragarri maite du. Oier aldiz, lagun bikaina da. Lagunen galdera horiek ordea, erantzun posible bi baino ez dituzte, antza.

Ikasgai oso bat gorputzeko atal ezberdinak ikasteko, bata zein bestearen funtzioak ezagutzeko. Haur bat izateko bidea pausoz pauso memoriaz ikastera behartua. Baina orain ispilu aurrean paratu da Aratz, bere gorputzari begira. Eta ikasitakoa buruan, ez du oroitzen nola gozatu, ez daki inoiz inon norbaitek hori nola egiten den erakutsi dion. Bere gorputzaren aurrean ezezagun sentitu da.

Aztoratuta daude gaur 4. DBHko ikasleak. Oihuka eta urduri, nobedade baten aurrean egongo balira legez. «Zer gertatzen zaizue?», galdetu du harrituta norbaitek. «Sexualitate tailerra daukate» izan da erantzuna. Nobeda- dea bai, ikasle guztientzat.

Milaka gazte mendiz mendi. Lehenbiziko aldiz doaz Hodei, Auritz, Eneko eta Hiart bertara. Ilusioz iritsi dira helmugara. Eta bertan lehenbizikoz baita, dutxatuko dira laurak batera. Urduri daude, elkarri esaten ez badiote ere. Gunea askea omen da, baina horretarako ekin egin behar. Enekok Ioritz eta Xan ezagutu ditu hitzaldi baten ostean, gustura dago haiekin. Eta bere golkorako pentsatu du... «gaur bai, iraultza nire baitan hasten da. Eurekin ligatzen saiatuko naiz».

Egunerokoan, heziguneetatik hasita, hamaika oztoporen adibide ditugu Aiert, Yahia, Auritz, Hiar edota Iratiren istorioak. Izen baten pean, atxikitako izaera bat. «Txikitatik entzuten zer izan behar garen, indarrez inposatuz zer maitatu behar den...», dio Zapalduen Olerkiak. Egungo sistema kapitalista patriarkalak heteronorma oinarri hartuta eredu zurrun eta hertsi bat inposatzea du helburu, bere biziraupenaren mesede. Familia eredu bat, harreman eredu jakin bat eta erreprodukzio hutsa oinarri.

Sistemak berak, boteredunen beharretara egokitu eta eliteek erabakitako rol eta normen arabera funtzionatzen du. Heteronorma da inposatzen digutena. Neska edo mutil jaio, soineko arrosa ala kamiseta urdina jantzi, obeditu, gizonezkoek gidatutako munduaren barruan egon, bertakora egokitu, edo bertatik at uzten zaituzte. Nirekin zaude ala nire kontra. Gizonezkoa, zuria, diruduna eta heterosexuala. Hori da nahi duten jendarte eredua.

Sistemak biziraun dezan beharrezkoak zaizkion balioak sortu, garatu eta definitzen ditu. Botereak erabakitzen du balio bakoitzaren mugak zeintzuk diren, eta ariketa hori da manipulazioaren gailurra. Eta beste behin ere, hezkuntza erabiltzen du horretarako tresna gisa. Balio horien garapena jaiotzen garenetik hasten den prozesua da. Jendartean ezarrita dauden arau sozialek erakutsi nahi digute gazte-gaztetatik nolakoak izan behar dugun, zer maitatu behar dugun, nolako harremanak garatu behar ditugun, zer eta nor gustatu behar zaigun ... azken batean, zer den zuzena eta zer ez, eurek gu zer izatea nahi duten.

Baina hau guztia aldatzea posible da; iraultza gure baitan hasten da. Egungo harreman ereduak landuz, aztertuz eta eraldatuz, benetako askapen prozesua abiatzea lortuko dugu. Heteronormen kateak hezkuntzan ere hautsi behar ditugu. Egungo sistemak hezkuntza baliatuz inposatutako generoen baitako heziketa garatzen duela jakitun, Euskal Herriak behar duen eskola eredu askatzaile eta hezkidetzailea eraikitzen jarraitu behar dugu euskal ikasleok.

Generoetatik at, ikasleak bere hezkuntza prozesuan protagonismoa izango duen eskolaren alde borrokatzen jarraituko dugu. Hezkidetza hezigunez hezigune landuz lortuko dugu hori.
Korridoreetan, ikasgeletan, patioan, nor bere gorputzarekin, lagunekin, ezezagunekin, kalean, auzoetan... ekainaren 28an bezala, urteko egun guztietan, euskal ikasleok eskola eredu askatzailearen alde borrokatuz, heteronormak irauliz, garena aske izanda, harreman ezberdinak landu, sexua gozatu eta askatasunean heziko gara.

2012-06-26

ERREKALDEKO GAZTE EGUNA 2012


Errekaldeko jaietan... 

Iraganaz harro.. etorkizunerako prest!!!

2012-06-20

"LA BARRERA" ra biziz igoera

Badator Presoen aldeko "La barrera" -ra bizikletan igoera! Bihar ekainak 21 osteguna, arratsaldeko 19.00etan Josuren monolitotik.


2012-06-04

ELKARTASUNARI EPAIKETA



Elkartasunari epaiketa. Flo ta Rafi, zuekin gaude!
Datorren astean, ekainak 6 asteazkena, Hamburgoko bi lagun epaituko dituzte Kukutza gaztetxearekin elkartasuna adierazteagatik. Gaztetxearen hustuketaren egunean atxilotu zituzten kontainer bat erretzea leporatuta eta 9 egun pasa zituzten Basauriko espetxean.

Ertzainek gezurretan dabiltza arratsaldean kontainer bat erre zela diotenean, eta epaiketa honekin Kukutzak beste herrialde batzuetatik jaso duen elkartasuna kriminalizatu egin nahi dute, hala nola, izua gorputzean sartu.

Guzti hau salatzeko, asteartean 5, goizeko 11.30etan udaletxean, Flo ta Rafi Hamburgotarren senide eta abokatuek prentsaurreko bat emango dute bizi izaten ari diren egoera salatzeko eta hurrengo egunean, goizeko 10.00etan Bilboko udaletxetik epaitegietaraino kalejiratxo bat antolatu dugu Flo ta Rafi laguntzeko.

Ongietorri PATAKON!

Patakonen prentsa oharra 2012-6-4

info +: uribarripiztu.blogspot.com
Hamarkadak hutsik zeramatzan Matiko 6.ko eraikinaren okupazioak, ugariak izan diren eskakizunei erantzuten die, urteetan zehar alternatiba soziokulturalak lantzera begira egindako lanketaren barnean kokatzen dugu.
1994. urtean Gure Etxea auzo elkarteak, auzoan zeuden hutsuneak ikusita, Matikoko 6. Zenbakian dagoen eraikin hutsari anbulatorio funtzioa emateko kanpaina sendoa jarri zuen abian. Auzokideen gehiengoaren babesa jaso zuen arren ez zen inongo apusturik egin instituzioengandik eta eskakizun guztiak alboratu ziren. Bestalde, auzoak zituen zerbitzu urriak ikusita, auzokideentzako beharrak aseko zituen bezala proposatua izan da aurrerago, inongo erantzun barik.
Gazte mailan, 1998garren urtean Uribarriko Gazteok-ek Uzturre plazan dagoen Udal eraikina Okupatu zuten Gaztetxe baten helburuz, baina 24 orduren buruan desalojatu zituzten. Ordutik asko izan dira Gazte Asanblada berpiztuak egindako eskakizunak, Gazte! Emaiozu espazioa zure kulturari! Kanpaina kasu.
Auzo elkarteak eta gazteek egiten duten lanaz gain, ezaguna da Aldapan Gora kultur koordinakundeak auzoarentzako egiten duen eskaintza, jaiak, San Juanak, gabonak etabar luzea. Ekimen hauen dimentsioa bermatu eta zabatzeko 2005. urtean barrutiari gune baten beharra azaleratu zion. Ordutik eskaerekin jarraitu du baina inongo erantzunik ez du jaso.
Orokorrean, ibilbide luzea du eragileek egindako lanak auzoa biziberritzeari begira. Asko dira eraikin honek izan ditzakeen erabilerak auzoaren mesedetan, eta bestetik, asko dira Uribarri bezalako auzo baten dituen beharrak plano sozial eta kulturalean.
Beraz, aurrekari guzti hauek kontutan izanda hartu da Matiko erdialdean mende erdia baino gehiago hutsik daraman eraikina okupatzeko hautua. Eraikia izan zenetik inoiz erabilia izan ez den lursaila auzoaren zerbitzura jarriko duen proiektu integrala. Ekainaren 1ean egindako jauzia beste pausu bat besterik ez da izan, espazio hau edukiz betetzeko bide luzean tipi-tapa.
Asteburu honetan ilusioz bete dira kaleak. Auzokideen eta komertzianteen babesa iritsi zaigu. Patakon, dekonari kendu ta ez dekonari emon. Zentzu horretan zenbait konpromiso mahai gaineratu nahi ditu asanbladak:
·        - Patakonen ateak zabalik daudela argi utzi nahi dugu, auzotik egina eta auzoarentzako proiektua dela azpimarratuz.
·     - Auzoarentzako mesedegarria den ordezko planteamedu bat egon arte guk kudeatuko dugu eraikinaren mantenua. Beraz, jabeei kontaktuan jartzeko prestutasun osoa luzatzen diegu proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko asmoz.
·        - Gaur bertan martxan jarriko dugun sinadura bilketa aurkezten dugu proiektuarekiko babes eta atxikimendua emateko tresna bezala auzoko norbanako zein taldeentzako.
Behetik gora edukiz bete nahi dugu eraikina. Abesti ezagunak dioen moduan… lehenengotik hirugarrenera, laugarren pisutik espaziora! Besterik gabe, besarkada handi bat autogestio eta asanbladaren printzipioetan oinarrituta, martxan, mehatxupean edota bihotzetan dauden proiektuei… Gaztetxetatik ez dira pasako!
Udal zerbitzu ezaren aurrean… zerbitzu herrikoiak eraikiko ditugu!
Okupazioa aurrera!
Aupa Uribarri!